Thinking Football Film Festival 2024 jaialdiaren datak

 
 
 

Athletic Clubeko Zinemaldiaren XII. edizioa azaroaren 18, 19, 20, 21, 25 eta 26an izango da Bilboko Sala BBK aretoan

Thinking Football Film Festival 2024 zinemaldiaren XII. edizioak baditu ospakizun-datak: azaroaren 18, 19, 20, 21, 25 eta 26an. Futboleko eta zinemako sei egun izango dira bi astetan banatuta: astelehenetik ostegunera 18tik 21era, eta astelehenean, hilak 25, eta asteartean, hilak 26, asteburuko parentesiaren ondoren. Ohi denez, Sala BBK aretoan eskainiko dira Athletic Club Fundazioaren kultur taldeak aukeratutako filmak, jaialdiaren antolakuntzaz arduratzen denak.

Thinking Football zinema-jaialdia Kulturaren arloko proiektu nabarmenetako bat da, eta, Komunitatearekin eta Inklusioarekin batera, Athletic Club Fundazioaren hiru jarduera-zutabeak osatzen dituzte. Fundazioaren kultura-proiektuek futbolaren kontzeptu desberdin baten alde egiten dute, kultura gizartea eraldatzeko elementu gisa eta futbola gazteen hezkuntza-prozesuan aliatu gisa erabiliz.

Thinking Football 2024 zinemaldiaren programazio osoa, gonbidatu bereziak eta gainerako xehetasunak eskuragarri egongo dira laster jaialdiaren web orrian: https://thinkingfootballfilmfestival.com/eu/ Beti bezala, aurtengo edizioan parte hartzeko aukeratutako filmek era batera edo bestera futbolaren munduarekin lotutako istorio gizatiar eta sozialak kontatuko dituzte. Egun bakoitzean, proiekzio nagusiaren amaieran, Fundazioak zineforum-saioak antolatuko ditu filmari eta bertan jorratutako gaiei buruz hitz egiteko.