“Beste aldea”: Ernesto Valverderen argazkiak

 

Urriaren 28ra arte Zabalguneko Merkatuko erakusketa-aretoan ikus daiteke, doan

Athletic Club Fundazioak Ernesto Valverderen “Beste aldea” argazki-erakusketa antolatu du. 24 argazkiz osatutako argazki-bilduma da. Egileak berak entrenatu dituen klubetako zaleei egindako argazkiak dira, eta barne-ikuspegi batetik egindakoak dira, esaterako, taldea estadiora daraman autobusetik. Zale zuri-gorriez gain, zuri-beltzezko irudien artean, beste klub batzuen afizioak ere ikus daitezke, hala nola Olympiakos FC edota FC Barcelonarenak.

Inaugurazio ekitaldia Zabalguneko Merkatuko erakusketa-aretoan bertan egin zen, eta han izan ziren, Valverdez gain, Athletic Clubeko eta Fundazioko presidenteak, Aitor Elizegi eta Juan Carlos Ercoreca; Fundazioko zuzendari nagusia, Jon Vázquez Eguskiza; Goyo Arbizu, Itziar Villamandos, Tomás Ondarra eta Iker Goñi batzarkideak; Bilboko Udaleko Kultur zinegotzia, Gonzalo Olabarria; BBK-ko ordezkaria, Koldo Bilbao; Melia Hoteleko Rubén Rodríguez eta Jon de Lorenzo; Iraia Iturregi, lehen taldeko entrenatzailea, eta Athletic Clubeko Óscar de Marcos eta Mikel Balenziaga jokalariak. Inaugurazioan izan ziren, halaber, Jon Azpiazu, Galder Reguera eta Asier Garcia Fuentes.

Erakusketa urriaren 28ra arte ikus daiteke doan, Zabalguneko Merkatuko erakusketa-aretoan (Zabalgune plaza 11, Bilbo), honako ordutegian: Astelehenetik ostiralera, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Argazki-erakusketa hau Athletic Club Fundazioaren kultur programaren barruan sartzen da. Egin nahi den aldarrikapen nagusia da posible dela kultura, heziketa eta futbola uztartzea.

Ernesto Valverderi elkarrizketa

“Beste aldea” erakusketaren inaugurazioa dela eta, Athletic Club Fundazioak Ernesto Valverde sakon elkarrizketatzeko aukera izan du. Galder Reguera Fundazioko Proiektu arduradunarekin solasaldian, Valverdek bere argazkilari lanari buruzko hainbat kontu errepasatu ditu eta argitaratutako bi argazki liburuei buruz hitz egin du: “Medio tiempo” (2012) eta “Frontera” (2021).