Denon Athletic: “Futbol totala, Sarrera totala”

Athletic Clubek bat egin du Europako Futbolean Sartzeko Zentroak (CAFE) sustatutako mugikortasun murriztuaren kontzientziazio kanpainarekin eta San Mames urdinez argitu du

Athletic Clubek aurten ere bat egin du CAFEk (Centre for Access to Football in Europe) sustatutako mugikortasun murriztuaren kontzientziazio astearekin. Hamabigarren edizioa da eta 2024an martxoaren 8tik 24ra ospatuko da. CAFE UEFAk babestutako erakundea da, mugikortasun murriztua duten pertsonek futbol-zelaietarako duten irisgarritasuna hobetzeko. Larunbat gauean, San Mames futbol zelaia nazioarteko erakunde honen kolore urdinez argiztatu zen, “Denon Athletic” peñak parte hartu zuen ekimen batean. Mugikortasun urriko pertsonek osatutako peña honetako hogei kide eta jarraitzaile inguruk bere egin zuten kanpainaren leloa: “Futbol Totala, Sarrera Totala”, (“Total Football, Total Access”).

2013az geroztik, CAFE Ekintza Asteak desgaitasuna duten pertsonak kirolean sartzea eta parte hartzea aldarrikatzen du. Athletic Clubarentzat aukera paregabea da kirol inklusibo batekin duen konpromisoa berresteko, desgaitasuna duten pertsonek kirolaren barruan euren berdinen artean dagokien lekua bete ahal izan dezaten.