Aurten ere, Fundazioak eta Athletic Clubek CAFEren ekimenarekin bat egin dute, mugikortasun murriztuaren inguruko kontzientziazioa sustatzeko
Denon Athletic peña mugikortasun murriztua duten bazkidez osatua dago, eta Fundazioarekin eta Athletic Club erakundearekin batera, CAFE erakundeak (Centre for Access to Football in Europe) sustatutako kontzientziazio astean parte hartuko du. Martxoaren 7a eta 15a bitartean izango da. Aurreko astean, Villarreal CF taldearen aurkako partida aprobetxatuta, Athletic Clubek erabaki zuen peña horretako arduradun bat, Ibon Erraiz mutrikuarra, partidaren Inside bideoaren protagonista izango zela. Horren bidez, gurpildun aulkian dagoen athleticzale batek daukan ikuspegia helarazi nahi da. Helburu nagusia, Ibonek adierazi duen moduan, kolektibo honen erabateko inklusioa da.
CAFE erakundea UEFAk babestua da, eta xede nagusia mugikortasun murriztua duten pertsonei futbol-zelaietarako sarbidea hobetzea da. Athleticek ere bere egin du CAFE erakundearen leloa: “Total Football, Total Access” (Futbol Erabatekoa, Sarbide Erabatekoa). Asmoa da benetako inklusioa lortzea, Athletic Cluben parte izatearen esperientzia ahal beste hobetzea eta eguneroko bizimoduan ahal beste lekuetara iritsi ahal izatea.
Denon Athletic mugikortasun murriztua duten pertsonek sortutako lehenengo peña da. Hogeita hamar pertsona inguru dira eta San Mamesen bertan daukate egoitza, La Campa de los Ingleses tabernan.