Fundazioak 2022ko Mugikortasunaren Aste Europarra sustatzen du

Igandean, 18an, Bilboko Kale Nagusia festa bihurtuko da, ume eta adinekoentzako mugikortasun jasangarriarekin lotutako jolas- eta kirol-jarduerak egiteko

Athletic Club Fundazioak bat egingo du Bilbok irailaren 16tik 22ra bitartean urtero sustatzen duen Mugikortasunaren Europako Astearekin (2022ko MAE). Aurtengo goiburua “Konexio hobeak” da. Igande goizean Bilboko Kale Nagusian egitekoa den agendan, Fundazioak mugikortasun iraunkorraren aldeko jaian parte hartuko du, bi jolas-jardueraren bidez. Alde batetik, “Bombonera”, neurri txikiko futbol-zelaia (10 x 15), eta, bestetik, «Football in bubles» modalitatea, non parte hartzaileek burbuila batean sartuta partida bat jokatzen duten. Igande goiza familian igarotzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko modu bikaina.

2000. urteaz geroztik, Bilbo Mugikortasunaren Aste Europarrean ari da parte hartzen. Kanpaina horren helburua da hirietako mugikortasun jasangarriak eta garraiobide jasangarrien erabilerak dakartzan onurei buruz herritarrak sentsibilizatzea; garraiobide horien artean daude, besteak beste, garraio publikoa, bizikleta, oinezko joan-etorriak, partekatutako autoen sistemak eta abarrak.

Athletic Fundazioak akordioa aurkeztu zuen Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailarekin, 2019ko MAEren esparruan. Akordio horren ondorioz, 50 bizikleta aparkatzeko lekua jarri zen San Mamesen, zaleak garraiobide horretan joan zitezen partidetara. Fundazioak bere bazkideen mugikortasun-prozesua aztertzen du kirol-topaketak egiten diren egunetan, C02 emisioak apurka-apurka murrizteko asmoz, eta klubaren mugikortasunerako garraio publikoa eta flota elektrikoak sustatzen jarraitzen du. Ekarpenen beste adibide bat C02 isuriak konpentsatzeko programa da, Lurgaia Fundazioarekin zuhaitzak landatuz.