Genuine taldea, Tenerifera bidean

Atzoko ospakizunaren zapore onarekin, Athletic Club Fundazioak denboraldiko hirugarren fasea jokatuko du asteburu honetan Kanariar Uharteetan

Josu eta Iratxe kapitainek ordezkatuta, Genuine taldeak Kopako 25. tituluaren ospakizunetan parte hartu zuen atzo. Gogoan izango dugu Josuk eta Muniainek garaikurra elkarrekin jaso zuten unea, Gabarra irten aurreko bazkari instituzionalean, Iratxek talde txapeldunarekin, ahozapiak airean, “Txanpiñoiak, txanpiñoiak” abestu zuen bitartean. Eli Ibarra eta Igor Arenaza bi kapitainekin batera aritu ziren egun osoan zehar eta 84ko txapeldunekin batera Gabarraren ondoan joan ziren Itsasadarretik.

Aho zapore horrekin, Josu eta Iratxe eta Genuine taldeko gainerako kideak, Nora, Maria, Ibai eta Igor teknikariekin batera, Loiutik Tenerifera abiatu dira. Hegazkina hartu aurretik Lezaman izan dira “Txapeldunak” kamisetekin.

Athletic Genuine “Inclusión” taldean sartuta dago, hau da, LaLigan parte hartzen duten 46 klubak banatzen diren bi multzoetako baten barruan.

Lehen fasean Athletic Genuinek Valencia CF, UD Almería eta UD Ibiza izan zituen aurkari, Fair Play txapelketan puntuaziorik altuena lortuz. Bigarren fasean, Córdoba CF Club Gimnástic Tarragona eta Levante UD EDI izan zituen aurkari.

Hirugarren fase honetan CA Osasuna (larunbata, 12:00), Real Zaragoza (larunbata, 18:30) eta RCD Mallorca (igandea, 10:30) izango ditu aurkari.