Zeharkako lankidetza-eredu bat aztertzeko ekimen bat da, eta nahi duten udalek har dezakete parte
Gueñesko udalak Athletic Club Fundazioarekin bat egin du duela gutxi. Honen bidez, zeharkako lankidetzarako eredu berri bat landu nahi da. Juan Andrés Iragorri, Güeñesko alkatea, Arantza Unzueta, Gizarte Ekintzako zinegotzia, Aitor Elizegi, Athletic Clubeko presidentea, eta Goyo Arbizu, Jorge Gómez, Itziar Villamandos, Begoña Castaño, Tomás Ondarra eta Iker Goñi batzordekideak San Mamesen egon dira hitzarmena sinatzen. Gueñesko udalak, Derioko, Getxoko eta Loiuko udalekin batera, Fundazioari gizartea hobetzeko lanean laguntzeko konpromisoa hartu du.
Ekimen berri honen helburua Fundazioaren eta udalen arteko akordio horiek nolabait ofizial egin eta zabaltzea da; horrela, Fundazioaren gizarte-, ingurumen-, prestakuntza-, kirol- eta kultur ekimenak udalerri horietan garatu ahal izango lirateke. Ideia da Bizkaiko gainerako udalek ere ekimen honekin bat egiteko aukera izatea eta guztion ongizatearen eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde lan egitea.
Zehazki, Fundazioak eskaintzen duen jarduera katalogo zabalaren barruan, Gueñesko udalak honako ekitaldi eta ekimenen inguruko interesa adierazi du: Thinking Football Film Festival jaialdia, Irakurketa Tailer eta Klubak, Adingabeen Babesaren inguruan teknikari zein familia eta haurrei ematen zaien prestakuntza, emakumeak kirolean duen rolari buruzko hitzaldiak, eta Fundazioko Ongilearen figurarekin erlazionatutako beste onura batzuk. Era berean, Fundazioak eta Gueñesko udalak zeharkako beste lankidetza-bide batzuk aztertu nahi dituzte, Fundazioarekin lan egiten duten Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteentzat ere onuragarri izateko.