Indupime eta GnG, Fundazioko Ongileak

Indupimek berritu egin du duela 10 urte sinatutako konpromisoa; eta GnG enpresak bat egin du Fundazioarekin

Athletic Club Fundazioak sinadura-ekitaldi bateratua egin du Ibaiganen; bertan berretsi egin dira, alde batetik, Indupime SL enpresaren berritze-hitzarmena eta, bestetik, GnG enpresaren atxikimendua, biak ala biak bazkide Ongile gisa. Ekitaldian izan dira Fundazioko zuzendari nagusia, Jon Vázquez Eguskiza; Indupime SL enpresako zuzendaria, Alain Méndez; eta GnG enpresako zuzendaria, Luis Mª Traba. Miriam del Hoyo, Iñaki Traba de Castro, Aitor Azkarate eta Athletic Cluben ordezkariak, Goyo Arbizu, Andoni Goikoetxea eta Jon Zapirain ere bertaratu dira. Enpresa biek beren gain hartu dute Fundazioak jendarte hobea lortzeko duen konpromisoa, eta bat egin dute gizarte, kultura, kirol zein ingurumen arloetan martxan jartzen diren proiektuekin.

Indupime SL

1987. urtean sortu zen Indupime SL, ontzigintza sektoreko profesional trebatu talde baten apustuaren fruitu gisa. Indupimek erabiltzen dituen itsas pintura aplikatzeko sistemek muturreko baldintza klimatikoekiko erresistenteak dira eta itsasontzien kaskoak babesten dituzte itsas elementuen itsaspenetik, algak eta krustazeo batzuk kasu. Ontzigintza sektoreak jarraitzen du enpresaren merkatu nagusi izaten, eta presentzia adierazgarria dauka ozeanografikoetan, dragetan, kargaontzietan, atoiontzietan, offshore ontzietan, arrantza-ontzietan, supplier ontzietan, LNG ontzietan, petrolio-ontzietan, etab. Gainera, esperientzia egiaztatua du arlo honetan, eta posizio prestigiotsua du merkatuan. Hala, dibertsifikazioaren fruitu gisa, birgaitze integralak eskaintzen ditu jabe eta partikularren erkidegoen eraikinetan; horretarako, kasu bakoitzaren berezitasun eta problematikak zehaztasunez aztertu egiten ditu, kalitate-prezio harremanari dagokionez, izan litekeen soluziorik egokiena emate aldera, betiere, Eusko Jaurlaritzaren eskakizunak betez.

GnG

GnG tailer eta enpresa-taldeak 25 urtetik gorako esperientzia du ibilgailu partikular zein profesionalei zuzendutako zerbitzu mekanikoan. GnG lider argia da Euskadin eta Kantabrian (15 zentro ditu), automobiletarako zein industriako garraiobideetarako pneumatikoen salmenta eta mantentze-lanei dagokienez. Enpresako mekanikari espezialisten taldea gai da ibilgailuek izan dezaketen edozein gorabeherari erantzuteko, betiere punta-puntako makineria eta tresna baliatuta. Gainera, GnG enpresak 24 orduko arreta- eta laguntza-zerbitzua eskaintzen die industria arloko bezeroei, errepidean zein egoitzan. Ekipamendu modernoenaz hornitutako 25 tailerrek osatzen dute enpresaren sare integratua.