JASANGARRITASUNAREKIN BAT

Athletic Club Fundazioak eta Bilboko udalak hirian mugikortasun jasangarriago baten alde elkarrekin lan egingo dute. Aitor Elizegi, Athletic Clubeko Presidenteak, Juan Carlos Ercoreca, Athletic Club Fundazioaren Presidenteak eta Alfonso Gil, alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak lankidetzarako programa bat aurkeztu dute San Mamesen, Bilbon mugikortasun jasangarriago baterantz joateko. Jasangarritasun ekimen hauen aurkezpena Bilboko 2019ko MUGIKORTASUNAREN ASTE EUROPARRAREN testuinguruan egin da. Kanpaina honen bidez, kontzientzia sortu gura dugu herritarren, erakundeen eta arduradun politikoen artean, jakin dezaten nolako kalteak egiten dituen hirian autoa modu irrazionalean erabiltzeak, bai osasun publikoan bai ingurumenean. Kanpaina honek azpimarratzen du nolako onura dakarten garraiobide jasangarrienek (garraio publikoak, bizikletak eta ibiltzeak) bai arlo sozialean, bai ingurumenean, bai ekonomian.

Lankidetza programa honetan iragarritako neurrien artean, hoietako lehena bizikleten aparkaleku berri bat jartzea da San Mamesen inguruetan, 100 bizikletentzat. Laster 200entzako lekua egongo da. Horrela, zaletuak garraiobide horretan etorri ahalko dira partiduetara.

Akordio hau Fundazioaren lan zehatzaren esparru berrian kokatzen da. Etorkizunari begira, Fundazioak Athletic Club % 100ean jasangarri bihurtu nahi du bere jardueraren alderdi guztietan, San Mames, Lezama eta Ibaiganeko lantokietan sortzen diren hondakinak modu mailakatuan desagerraraztetik partidu egunetan sortzen direnak kentzeraino. Hori lortzeko, Fundazioak bere bazkideen mugikortasun prozesua aztertuko du kirol-norgehiagokak egiten diren egunetan, CO2aren emisioak apurka-apurka murrizteko.