VI. Futbola Buruan Lezaman

 
 

 

Fundazioak eta Osakidetzak elkarrekin antolatu ohi duten futbol-jardunaldiak amaiera eman dio Geurea Ligari (Euskadiko Osasun Mentaleko Zentro Arteko Areto Futbol Liga)

Athletic Club Fundazioak, Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearekin (BOMS) lankidetzan, Futbola Buruan ekimenaren VI. edizioa ospatu du Lezaman. Jolas- eta kirol-jardunaldi honek amaiera eman dio Euskadiko Geurea Ligaren denboraldiari (Euskadiko Osasun Mentaleko Zentroen Arteko Areto Futbol Liga). Aurreko edizioetan bezala, Fundazioak Athletic Cluben kirol-instalazioak aukeratu ditu ekitaldi hau ospatzeko. Bertan, 550 pertsona inguru izan dira (erabiltzaileak eta profesionalak), Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarekoak eta Osakidetzaren Arabako Osasun Mentaleko Sarekoak, bai eta Gizakia, Avifes, Argia, Eragintza, Asasam eta Arrasateko San Juan de Dios Ospitalekoak ere.

Jardunaldia goizeko 10:00etan hasi da futbol partidekin eta multikirolaren jarduerekin, eta eguerdiko 14:00ak inguruan amaitu da partaide guztientzako mokadu batekin. Taldean kirola egitea osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen errekuperazio-prozesuaren parte da. Egoera fisikoa hobetzen, sindrome metabolikoari aurre egiten eta ohitura osasungarriak hartzen laguntzeaz gain, ingurune komunitarioan pertsonen bizi-proiektuak garatzen ere laguntzen du, bakardadeari aurre eginez eta kolektibo horrek pairatzen duen estigma sozialaren aurka borrokatuz.

Banakako eta taldeko helburuak lortzeko tresna terapeutiko gisa ere erabiltzen da. Fundazioaren teknikariek jarduera horiek gidatzen dituzte, eta, horretarako, BOMSerako funtsezkoak diren bi kontzeptu hartzen dituzte kontuan: balioan oinarritutako arreta eta humanizazioa.

 
 
 

Athletic Club: inklusio eragilea

Athletic Clubek Osakidetzarekin duen lankidetzak onura erantsia dakarkio kirola egiteari, eta horixe da Athleticek baliabide komunitarioak erabiliz gizarteratzeko eta normalizatzeko duen gaitasuna. Horren harira, Athleticek gaixotasuna ikusarazten du, desinformazioari aurre egiten dio, estigma soziala ezabatzen du eta talde-nortasuna sortzen du.

Fundazioko teknikariek futboleko entrenamenduak zuzentzeaz gain, multikirolaren saio aerobikoagoak eta ariketa kognitiboagoak gidatzen dituzte BOMSeko ospitale- eta komunitate-eremuko 23 zentrotan. Multikirola jarduera fisikoan genero-ikuspegia txertatzean sortu zen, osasun mentaleko arazoak zituzten emakume asko sartzeko (bereziki zaurgarria den kolektiboa), futbolarekin zaletasunik ez zutenak edo horretarako baldintza fisiko egokirik ez zutenak.

Futbola Buruan laguntza-eremutik kanpoko topagunea da, gaixotasun mentala duten pertsonen eta profesionalen artean, eta guztiek elkarrekin parte hartu dute, bi jarduera horietan elkarlanean eta taldean arituz.