PENTSATU AL DUZU INOIZ ZENBAT KILOMETRO EGITEN DITUGUN AUTOZ, LEKU HORIETARA BIZIKLETAZ, OINEZ EDOTA METROZ JOATEKO AUKERA EDUKITA? BADAKIZU ERREPIDE BIDEZKO GARRAIOA DELA AIREAREN KUTSADURAREN KAUSA NAGUSIETAKO BAT?
Planetaren baliabide naturalen kontsumoaren zatirik handiena hirietan gertatzen da. Gure erronka zera da: denon artean ingurumen-eragina ahal beste murriztuko duten hiri erakargarriak eraikitzea. Gainera, datozen urteetan munduko hiriguneetako biztanleria-dentsitatea handitu egingo da. Auto gutxiago izan beharko genituzke gure hiri, auzo eta herrietan. Horrela, aire garbiagoa izango genuke denok, negutegi-efektuko isurpen gutxiago eta zarata gutxiago sortuko genituzke. Gainera, kutsadurak osasunari ere eragiten dio, beraz, gure ekarpena oso garrantzitsua da planetarentzat. Hasiko al gara?
Erronka: Leku-aldatze iraunkorraren argazki bat
Baliabideak modu iraunkorrean kontziliatzeko ardura eta erantzukizuna daukagu. Eta ez soilik gugatik, baizik eta gure atzetik etorriko direnengatik ere. Ez genuke gure seme-alaben etorkizuna hipotekatu beharko energia alferrik xahutuz. Baliabideak mugatuak dira.
Uda, mugikortasun iraunkorrerako momenturik egokiena
Udako eguraldia egokia da oinez, bizikletaz edo patinetez ibiltzeko, hau da, kutsatu gabe mugitzeko. Momentu ona da, adibidez, bizikleta atera eta herriko dendaren batean egin beharreko konponketak egin eta prest jartzeko. Eta sasoian mantentzeko paseoak egiteko. Hurrengo denboraldiari begira ohitura iraunkorragoak nola hartuko ditugun pentsatzeko ere momentu egokia izan daiteke. Lanera, unibertsitatera, institutura, ikastolara, edota San Mamesera autorik erabili gabe joateko moduan pentsa dezakegu. Konpromiso pertsonaletik abiatuta, denon garaipena izango litzateke. Eta hirietan kaleak oinezkoentzako izatea, garbiak, seguruak, eta, hala den neurrian, errepideen ordez bidegorri gehiago izatea. Kontzientzia ekologikoa denon artean sortuko dugu, urratsez urrats.