Athletic, Barça eta Betis fundazioek futbolari gazteen salerosketaz ohartarazi dute

 
 
Hiru klubetako fundazioek Nuevo Hogar Betania elkarteak hartutako biktimei lagunduko diete
 

Pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko egunean, Athletic Club, Barça eta Real Betis Balompié Fundazioek ohartarazi dute gazte asko egoera larrian daudela, gaizkile taldeen eskutik pertsonen salerosketaren biktima direlako; izan ere, engainatu egiten dituzte gazte horiek eta haien familiak, Espainiako ligako taldeetan jokalari izateko promesarekin.

Duela zenbait aste, Estatuko segurtasun indarrek Andaluziako udalerri batean askatu zituzten gazte hegoamerikar batzuk, pertsonen trafikorako sare horietako baten sexu esplotazioaren biktima izan direnak. Gaizkile talde horrek engainatuta iritsi ziren gazteak Espainiara; izan ere, familiei esan zieten gazteek futbolerako prestakuntza jasoko zutela Espainiako ligako taldeetan, baina gazteak iritsi zirenean atxiki eta prostituzioan jardutera behartu zituzten.

Gazte horien familiek mailegu ekonomikoak eskatu behar izan zizkieten interes handiak kobratzen dituzten gaizkile taldeei, eta, ondorioz, gazteek eta familiek etengabeko mehatxuak jaso dituzte, kreditu horiek itzuli arte. Nuevo Hogar Betania gizarte erakundeak bere gain hartu du gazte horien zaintza, eta Athletic, Betis eta Barça Fundazioak harremanetan jarri dira erakunde horrekin, gazteen errekuperazio emozionalean eta prestakuntzan laguntzeko. Helburua da laguntza psikosozialeko eta emozionaleko hainbat ekintza egitea (futboleko prestakuntza eskoletan parte hartzeko aukera, klub horien instalazioak bisitatzea…), bai eta prebentzio ekintzak ere, fundazio horien komunikazio kanalen bidez.

Lankidetza

Hiru klubek, bereziki beren fundazioen bidez, urteak daramatzate haurrei eta gazteei laguntzen, garapenerako gizarte eta kirol programen bidez. Orain, bat egin dute pertsonen salerosketa salatzeko, arazo oso larria baita, eta biktimei laguntzeko ekintzak egiteko. Bestalde, Nuevo Hogar Betania erakundeak eskerrak eman dizkie klubei beren laguntzagatik, eta salatu du zer egoera bizi duten gazte horietako askok, Espainian ez ezik, munduko beste herrialde askotan ere.

Iñaki Alonso Athletic Cluben Haurren Babeserako Aterpe Programaren arduradunak, azpimarratu du “haurrek kirola segurtasunez egin ahal izatea bermatzearen garrantzia”. Era berean, Jordi Cardoner FC Barcelonaren eta Barça Fundazioaren lehen presidenteordeak honako hau adierazi du: “Gizarte gaietan, futbol taldeok ez dugu lehiatzen; aitzitik, sinergia bateratuak bilatzen ditugu, oso egoera txarrean dauden haurren egoera hobetzen laguntzeko denon artean.” Azkenik, Rafael Gordillo Real Betis Balompié Fundazioko presidenteak kanpaina bateratu horren garrantzia azpimarratu du: “Hau bezalako aliantzak funtsezko alderdiak dira klub gisa ditugun helburu komunetan, gure erantzukizun sozialaren esparruan”.