Webgune berria, Klub berria, proiektu berriak

 
 

2019an, Fundazioa asko handitu da bere lau lan-ildoetan: Gizartea, kultura, kirola eta ingurumena

Athletic Club Fundazioak Athleticen berezko balioak sustatu eta zabaldu nahi ditu. Horretarako, gizartea hobetzeko xedea duten proiektuak eta jarduerak antolatzen ditu, eta azken urteetan hazkunde handia izaten ari da lan-ildo guztietan: Gizartea, kultura, kirola eta ingurumena. Azken arlo hori berria da, eta iraunkortasun eta ekologiarekin lotuta dagoen heinean, oso garrantzitsua da etorkizunera begira.

Etengabeko hazkuntza honekin batera, Fundazioaren lana gehiago ikusarazi nahi izan dugu. Horren harira, irailean gure webgune propioa estreinatu genuen. Fundazioaren eguneroko lana ikusarazi eta garatutako proiektuen berri emateko helburua dauka, batez ere.

Juan Carlos Ercoreca eta Jon Vázquez Eguskiza dira Athletic Club Fundazioako presidentea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren, eta haiek gidatu dute hobekuntza eta hazkunde prozesu hau 2019an.

Erabiltzaile gehiago, zuzenak zein zeharkakoak

Erabiltzaile zuzenen kopurua asko handitu da (hirukoiztu ere egin da, ia 6.000 dira orain), baita zeharkako erabiltzaileena ere (ia 75.000 onuradun ditugu, erabiltzaile zuzenen senide izateagatik). Horren arrazoiak izan dira proiektu berriak sortu direla eta dagoeneko zeudenak sendotu egin direla. Nobedadeen artean, honakoak aipatu behar dira: Goiztiri, Fútbol Parálisis Cerebral, Bizkaia Koopera: Villagol eta Athletic Villa, Fútbol Pasillo, Gizakia, Walking Football eta Batas Athletic. AC Proiektua %100 Iraunkorra, Zero Plastiko Urdaibai eta CO2 Arrastoa Konpentsatzea proiektuak ere hor ditugu.

Era berean, dagoeneko errotuta dauden proiektuen hazkundea oso garrantzitsua izan da, hala nola Futbola Buruan, Osakidetzaren Osasun Mentalaren Sarearekin (OMS) lankidetzan garatutakoa. Erabiltzaile kopurua bikoiztu egin da azken urtean. Fundazioaren proiektuei buruzko informazio gehiago hemen

Thinking Football eta Letrak eta Futbola

Thinking Football Film Festival jaialdiaren zazpigarren edizioa martxoan izan zen. Jende asko bertaratu zen filmak ikustera, beraz, esan dezakegu Athletic Club Fundazioaren kultur ekimen garrantzitsuenetako bat sendotzen ari dela. Michael eta Jeff Zimbalist anaiek zuzendutako Nossa Chape filmak irabazi zuen Publikoaren Saria.

Letrak eta Futbola ekimenaren X. edizioak aukera eman digu, beste behin, kulturaren eta futbolaren arteko harremana estutzeko. Gonbidatu ospetsuak izan genituen gure artean, hala nola Jorge Valdano, Benjamín Prado, José Roberto Torero eta Ferrán Soriano. Era berean, Athletic Club Fundazioak “Togo” eta “Bizitza eskukadaka” liburuak argitaratu ditu, Óscar de Marcos eta Ainhoa Tirapuk idatziak, hurrenez hurren. Ekimen honek onarpen handia izan du kritikaren eta herritarren aldetik.

Club Athletic berria

Azkenik, aipatu behar dugu abenduan bertan Club Athletic berria sortu dela, Fundazioaren aldeko pertsona guztiak biltzen dituen kluba, hain zuzen ere. Urteko 50€-ko dohaintzaren bidez, Club Athleticeko kideek gizartea hobetzeko lanean laguntzen dute. Eskerrak emateko asmoz, Fundazioak onura berezi batzuk eskaintzen dizkie laguntzaile horiei, eta Club Athletic berriarekin bat egiteagatik, ongi etorria emateko opari-kutxa pertsonalizatuak ematen ditu.