Adurizek Thinking, Letrak eta Futbola jaialdia inauguratu du

 
 

Astelehena eta larunbata bitartean egingo den jaialdi honen hasiera saioko protagonista izan da

Thinking, Letrak eta Futbola izeneko jaialdia BBK Sala aretoan hasi da gaur arratsaldean, Aritz Aduriz protagonista duen dokumental bereziarekin. Muntaia berezia The Mediapro Studiok ekoitzitako Six Dreams dokumentalean oinarrituta dago. Athletic Clubeko presidente Aitor Elizegi arduratu da inaugurazio hitzaldia emateaz. Edukiera mugatua izan da eta COVID-19aren aurkako osasun-protokoloan jasotako neurri guztiak bete dira. Erakundeetako hainbat ordezkari bertaratu dira, hala nola Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto; Fundazioko Zuzendari Nagusia, Jon Vázquez Eguskiza; BBK-ko Kultura-Arduraduna, Koldo Bilbao, Itxaso Erroteta eta Jone Goirizelaia zinegotziak, baita Zuzendaritza batzordeko ordezkariak ere: Itziar Villamandos, Tomás Ondarra, Goyo Arbizu eta Iker Goñi.

Aritz Adurizen azken urteari buruzko dokumental bereziaren ostean, protagonista solasean aritu da gainerako gonbidatuekin: Justin Webster, muntaketa hau oinarri izan duen Six Dreams seriearen zuzendaria; Jordi Call, produktorea; Galder Reguera, Fundazioko Proiektu Arduraduna, eta Jon Maia bertsolaria. Azken horrek, amaieran, bideo hunkigarri bat eskaini dio Adurizi.

Aurretik, jardunaldiaren hasieran, Aitor Elizegik Errekonozimenduaren Saria eman dio Fede Merino kazetariari, talde zuri-gorriaren golak ospatzeko “bacalao bacalao” oihu ospetsuaren sortzaile izateagatik.

Bigarren eguna, This is Football, John Carlin eta Ander Izagirre

Jaialdiak aurrera jarraituko du asteartean, John Carlinen inguruko saio batekin. Clint Eastwoodek zinemara eraman zuen bere “The human factor” liburua (2006), Invictus izenarekin. Morgan Freeman izan zuen aktore nagusia, Nelson Mandelaren pertsonaian. Egun honetan bi ekitaldi izango dira, biak gai berekoak, baina independenteak. Beraz, bakoitzerako sarrera desberdinak hartu behar dira. Lehenengo, 17:00etan, San Mameseko Erdiko Eraztuneko Ipar aretoan (sarbidea E puntutik, 12. atearen ondoan) Carlinek berak zuzendutako “This is Football” dokumentala emango da. Behin emanaldia bukatuta, bertaratutakoek aretotik irten beharko dute, bigarren ekitaldirako garbiketa egin ahal izateko. Ondoren, 19:00etatik aurrera eta Ipar aretoan bertan, John Carlin Ander Izagirre idazlearekin arituko da solasean. Bigarren horrek Euskadi Literatur Saria irabazi du “Potosí” liburuarekin.