Aspanovasen erronka solidarioa San Mamesen

 

Edu Zapatak hiru maratoi solidario egingo ditu minbizia duten adingabeen alde, hiru eraikin enblematikoren inguruan: Katedrala, Begoñako basilika eta Arriaga Antzokia

San Mames inguruko zabalgunea atletismo pista inprobisatua izango da. Leku horretan, uztailaren 16an, ostirala, Edu Zapatak bere hiru maratoi solidarioetako lehena egingo du, “Bilbao 360º Aspanotxus” erronkaren baitan. Andoni Goikoetxeak eta Eli Ibarrak, Athletic Club Fundazioaren ordezkaritzan, erronka solidario horrekin bat egin dute, minbizia duten haurren alde. Aspanovasek sustatutako ekimena da, Minbizia duten Bizkaiko Haurren Gurasoen Elkarteak. Gizarte osoa kontzientziatu nahi du, haurren minbiziaren inguruan. Katedralaren inguruko lehenengo maratoiaren ostean (ostirala, uztailak 16, 18:30), Deustuko kirolariak beste bi maratoi egingo ditu Begoñako basilikaren inguruan (larunbata, uztailak 17, 14:30) eta Arriaga antzokiaren inguruan (igandea, uztailak 18, 12:00).

Crowdfunding kanpaina Kukumikun

Erronka solidario hau babesteko asmoz, crowdfunding kanpaina bat prestatu da Kukumikun . Bildutako guztia ASPANOVAS elkartearen ospitale-proiektura bideratuko da. Horren helburua minbizia duten haur eta nerabeei eta beren senideei babesa ematea da. Gainera, haurren minbizia ikusarazi nahi da, izan ere, pandemia garaian COVID-19ak dena hartu du, eta gainerako gaitzak itzalpean geratu dira. Ez da zehazki jakin zein ziren birusak haur immunodeprimituengan izan zitzakeen ondorioak, beraz, isolamendu askoz zorrotzagoa ezarri zaie, eta gaur egun, oraindik ere, isolamendu horretan jarraitzen dute.

Crowdfunding kanpainaz gain, edonork eman dezake izena, bakarka edo taldeka, buelta batzuk egin eta Edurekin batera maratoietan parte hartzeko. Horretarako, formularioa bete behar da, HEMEN

Azkenik, hiru maratoiek irauten duten bitartean, Aspanovasen karpa bat egongo da, elkarteari buruzko informazioa eman eta merchandising produktu solidarioak saltzeko, horien artean, Edu Zapataren leloa daramaten kirol-pultserak: “Ez da egiten duzuna, norengatik egiten duzun baizik”.

 
Aspa 1
Pulseras post
Aspa 3
Aspanovas Principal
Anterior
Siguiente