Athletic Clubek eta Fundazioak bat egin dute Bizkaiko Gurutze Gorriaren jostailuak biltzeko kanpainarekin

 

Athletic Clubeko dendek jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatuko dute. Helburua Gabon hauetan 6.000 jostailu biltzea da

Bizkaiko Gurutze Gorriak “Euren eskubideak jokoan” jostailu berria biltzeko kanpaina aurkeztu du gaur, abenduak 10ean hasi eta urtarrilaren 4an amaituko dena, Athletic Clubek eta Fundazioak bat eginda. Jon Vazquez Eguskiza Fundazioko zuzendari nagusia, Goyo Arbizu zuzendaritzako kidea eta Andoni Goikoetxea eta Eli Ibarra enbaxadore zuri-gorriak BECen egindako aurkezpen ekitaldian izan dira. Helburua Gabon hauetan 6.000 jostailu biltzea da, eta gizartean zailtasunak dituzten familiei jolas eta jostailu berriak ematea, ez belikoak eta ez sexistak, pertsona horiekin lan egiteko sistema erreal baten barruan, balioak transmititzeko eta jolas osasungarrirako helburuak bete daitezen. Jolasa umeen oinarrizko eskubidetzat hartzea eta umeengan sortzen dituen onurak helaraztea, besteak beste.

COVID-19ak sortutako krisi sozioekonomikoak areagotu baino ez du egin arlo horretan Gurutze Gorriak artatzen zituen familia ahulen egoera, eta, gainera, laguntza horren hartzaileen kopurua nabarmen handitu da. Hori dela eta, bildutako jostailuak gehien behar dituzten familiei emango zaizkie. Aurreko edizioan, Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioen esku-hartzeari esker, 2.429 adingabek 6.444 jostailu berri, ez sexista eta ez beliko jaso zituzten Bizkaian. Erakundeko boluntarioek establezimendu edo enpresa laguntzaileetako bezeroen dohaintzak jaso, eta jostailuak adinaren arabera hautatu eta antolatu zituzten.

Athletic Club eta Fundazioa erakunde laguntzaileen artean

Athletic Clubek eta Fundazioak Bizkaiko Gurutze Gorriaren jostailu kanpainarekin bat egin du aurten ere. Athletic Clubeko denda guztiek jostailu berriak biltzeko gune gisa funtzionatuko dute, eta Athletic Club Fundazioak dohaintzan emango ditu denda ofizial batean kanpainara bideratzeko erositako produktu bakoitzarekin lortutako irabaziak. Athletic zale guztiak elkarlanean aritzera animatzen dira, Gabonetan ume bakar bat be ez dadin jostailu barik geratu.

Jostailuak biltzeko puntu guztiak, ordutegiak eta kanpainari buruzko informazioa www.cruzrojabizkaia.org/juguetes helbidean kontsulta daitezke. Prestatutako bilketa puntuetan jostailuak entregatzeaz gain, www.cruzrojabizkaia.org/juguetes webgunen egokitutako ordainketarako kanal baten bitartez ekarpenak eginez ere lagundu izango da kanpainan, 900 104 971 telefono zenbakiaren bitartez eta SMSak bidaliz JUGUETE hitzarekin 38088 (3€) zenbakira eta, berrikuntza gisa, 38061 zenbakiko BIZUM kanala estreinatuko da (gutxienez 5€), Covid-19a dela eta bilketa puntu fisikoetara hurbildu gura ez duten pertsonei ekarpena egitea errazteko. Horrela lortutako diru guztia jostailuak erostera bideratuko da oso-osorik.