Goiztiri eta Shaolin Badgers taldeen arteko lagunartekoa

 

Londresko klub berezi honen entrenatzaileak, Dulwich Hamleten jarraitzaileak, Athletic Club Fundazioaren talde baten aurka partida bat jokatzea eskatu zuen

 

Shaolin Badgers klub ingeles berezia da. Taldea, gehienbat, unibertsitateko lagunek osatzen dute eta Londresko maila baxueneko liga batean jokatzen du. Klub amateurra izan arren, Walter Johnson presidente, entrenatzaile, jokalari eta, batez ere, klub berezi honen bultzatzailari esker moldatzen da aldizka munduan zehar bidaiatzeko.

 

Beti aukeratzen dituzte beren nazioarteko biretarako leku eta aurkari exotiko edo enblematikoak, eta Norvegiako Lofoten Uharteetako Henningsvaer zelai ospetsu eta urrunera egindako bisitak erreportaje bat merezi izan zuen “El día después” telebista-saiorako.

 
 
 

 

Walter Johnsonek Non-League Day-ri esker jakin zuen Athleticen berri, Klubak martxoaren 25ean batu zen oinarrizko futbolaren aldeko mugimendu sozialari esker. Egun horretan, athleticzale talde batek Champion Hill bisitatu zuen, Dulwich Hamleten zelaia, eta Walter Johnson, Hamleten jarraitzaile leiala, harmailetan zegoen.

 

Walter Johnsoni athleticzaleen jarrera asko gustatu zitzaion, eta Shaolin Badgers taldearen historia eta Bilbo ezagutzeko eta Lezaman lagunarteko partida bat jokatzeko nahia kontatuz idatzi zion Athletici.

Posta truke baten ondoren, azaroaren 5erako finkatu zen partida, eta hori da Shaolin Badgersek igande honetan Lezaman jokatu duen lagunartekoa, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako Goiztiri proiektuko jokalariek osatutako Athletic Club Fundazioaren talde baten aurka.

 

Emaitza, 2-1 Londreskoen alde. Baina partida hau futbolaz haratago doa, eta gizarte-balio partekatuen eta komunitate-espirituaren ingurukoa da.