Hirugarren Fair Play-aren bila

 

Athletic Genuinek pandemiaren ondorioz iazko martxotik etenda egon den 2019/2020 denboraldiaren amaierako faseari egingo dio aurre asteburu honetan Tarragonan

Athletic Club Fundazioak, gure Genuine taldeak, asteburu honetan jokatuko du Tarragonan COVID-19aren ondorioz atzeratu egin behar izan zuten 2019/2020 denboraldiaren amaiera. Taldea gaur goizean abiatu da Lezamatik Loiura bidean gogo handiz eta Fair Playren beste sari bat lortu ahal izateko ilusioz. Horixe litzateke, hain zuzen ere, 2017/2018 denboraldian LaLiga Genuine abian jarri zenetik taldeak hirugarren aldiz jarraian lortuko lukeen saria. Txapelketa honetan, lehiatzea baino garrantzitsuagoa da partekatzea eta Fair Playarena da garaikur preziatuena eta, zalantzarik gabe, gure lehoiek Athletic Clubi lotutako kirol-balio guztiak jarriko dituzte jokoan saria eskuratu ahal izateko.

Fair Playren txapeldunaz gain, Tarragonan jokatuko duten azken faseak 2019/2020 denboraldian parte hartu zuten 36 taldeak bilduko ditu eta Laguntasuna eta Kiroltasuna taldeetako kirol-txapeldunak zein diren erabakiko du. Horrez gain, 2021-2022 denboraldian lehiakide bihurtuko diren 6 talde berriak ere bertan izango dira (Fundació Barça, SD Ponferradina, CF Fuenlabrada, Burgos CF, FC Cartagena eta UD Ibiza). Gonbidatu gisa joango dira Tarragonako hitzordura lagunarteko txapelketa baten bidez Genuine esperientzia ezagutu eta horretaz gozatu ahal izateko.

Lehen partidarako, derbia

Amaierako fase honetan, Athletic Genuinek debut ezin hobea izango du larunbatean, 10:30ean, SD Eibar Fundazioaren aurkako derbiarekin. Arratsaldean, bestalde, 17:30ean, aurkaria SD Huesca izango da eta, amaitzeko, igandeko 11:00etan jokatuko du UD Las Palmas taldearen aurka.

Horren aurretik, gaur, ostirala, Athletic Club Fundazioak 20:00etatik aurrera Nou Estadin egingo duten inaugurazio-ekitaldian hartuko du parte. Toki hori da anfitrioiaren, Gimnàstic de Tarragona taldearen, zelaia. Horixe izango da talde osoaren une desiratuetako bat: LaLiga Genuine txapelketako gainerako taldeetako lagun guztiekin berriro elkartzearen emozioa.