Jorge Barraza kazetariak lagunduta, literatura- eta futbol-topaketa San Mamesen izango da, maiatzaren 6an
2022ko Letrak eta Futbola jaialdia aurkezteko, jardunaldi berezi-berezi bat antolatu du Athletic Club Fundazioak, hogeigarren urteurrena duela eta. Club Atlético Independientearen mitoaz eta «Munduaren martxa orokorraz» jardungo dira futbolaren eta literaturaren alorretan sobera ezagunak diren Ricardo Enrique Bochini (One Club Man sariaren irabazlea) eta Eduardo Sacheri (2016ko Alfaguara Sariaren irabazlea). Sacheriren azken eleberriaren izenburua dakarkigu gogora jardunaldiarenak. Maiatzaren 6an izango da solasaldia, arratsaldeko 19:00etan, San Mameseko BAT uztaiaren Iparraldeko Aretoan (sarrera, 12. atetik). Bochinik eta Sacherik Jorge Barraza kazetari argentinarra izango dute lagun.
2010an egin zen lehenbizikoz Letrak eta Futbola jardunaldia. Helburua: kulturaren eta futbolaren arteko zubi-lana egitea. Aukera aparta izan zen Athletic Clubek Ricardo Enrique Bochiniri One Club Man saria eman izana agertoki berean elkartzeko bi fenomeno, grina bera partekatzen dutenak biak ere: futbola eta Avellanedako Club Atlético Independiente taldea.
Ricardo Enrique Bochini
Bochini da Independienteko zaleen idolo nagusia. Argentinako futboleko ’10’ zenbakidun onena izan da Diego Armando Maradona eta Leo Messiren ondoren. ‘Bocha’-k Argentinako ‘deabru gorriekin’ bete zuen bere ibilbide osoa. Zazpi lorpenekin, Independiente Amerikako Libertadores Kopako garaikur gehien dituen kluba da.
Bochini, pase egile bikaina, klubaren urrezko aroaren protagonista nagusia izan zen 70eko hamarkadan, eta munduko txapeldun geratu zen Argentinarekin 1986an. 1991n erretiroa hartu zuen 37 urterekin, 20 denboraldi jokatuta, 714 partida, 108 gol eta 200 gol-pase baino gehiagorekin. Zazpigarren One Club Man Award da, Hego Amerikako lehena. Aurretik, Matt Le Tissier, Paolo Maldini, Sepp Maier, Carles Puyol, Billy McNeill eta Ryan Giggs jokalari ohiek jaso dute.
Era berean, ezaguna da, bestalde, Eduardo Sacheriren «gorrizaletasuna». 2014ko Letrak eta Futbola jardunaldian ere hartu zuen parte Sacherik, eta honela ekin zion hitzaldiari: Independiente taldea bere historia osoan lehenbizikoz B maila Nazionalera jaitsi izanak eragin zion minaz gogoeta eginez. Izan ere, 101 urte zeramatzan Independiente taldeak lehen mailan, batere etenik gabe. Kontakizun hartan, futbolak zenbait gai garrantzitsurekin duen loturaz mintzatu zen Sacheri: nortasunarekin, harreman pertsonalekin, nonbaiteko partaide izatearen sentimenduarekin, zoriontasunarekin…
Eduardo Sacheri eta Jorge Barraza
Bizirik dauden Latinoamerikako idazleetatik garrantzitsuenetakoa dugu Eduardo Sacheri: milioi-erdi idazle leial ditu, eta hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte haren liburuak. Sacheriren lehenbiziko eleberria “La pregunta de sus ojos” (2005), (Haren begien galdera) film bihurtu zuen Juan José Campanella zuzendariak “El secreto de sus ojos (2009), (Haren begien sekretua). Atzerriko Film Onenaren Oscarra eman zioten pelikulari. 2016an, berriz, Alfaguara Saria eman zioten La noche de la Usina (Usinaren gaua) eleberriari, eta liburu hori ere zinemara eraman zuten “La odisea de los giles” (2019), (Gilen odisea). Azken liburuan “El funcionamiento general del mundo” (2021), (Munduaren funtzionamendu orokorra), berriz, aita batek bere eskola-garaiko futbol-lehiaketa baten gorabeherak kontatzen dizkie bere seme-alabei, autoz egiten ari diren bidaia luze batean. Letrak eta Futbola jardunaldian beti gertatu ohi denez, bizitzako gai garrantzitsuez mintzatzeko aitzakia baino ez dira futbol-oroitzapenak: adiskidetasuna, maitasuna, familia, ongia eta gaizkia…
Jorge Barraza kazetari argentinar ospetsua arituko da moderatzaile-lanean. Besteak beste, liburu hauek idatzi ditu Barrazak: “Fútbol de ayer y de hoy” (2014), (Atzoko eta gaurko futbola), eta “James en la cima del mundo” (2014), (James munduaren gailurrean), eta OCMaren biografia “Yo el Bocha; vida de Ricardo Bochini”, 2016 (Ni, Bocha; Ricardo Bochiniren bizitza).
Sarrera, doan. Streaming bidez jarraitzeko aukera
Club Atlético Independienteren jarraitzaileen gozagarri ez ezik, Bochini eta Sacheriren arteko topaketa ekitaldi seinalatua izango da futbola eta literatura maite duen ororentzat, bi txapeldunen arteko solasaldia ikusi eta entzuteko aukera izango baitute. Fundazioak antolatzen dituen ekitaldi kultural guztietan bezala, doakoa da sarrera, lekua bete arte. Bestalde, Athletic Cluben YTko kanalak zuzenean emango du hitzaldia, streaming bidez.