Panenka Saria irabazi du Fundazioak bere hogeigarren urteurrenean

 

Athletic Club Fundazioari Panenkaren “Antonin Especial” ohiz kanpoko saria eman diote, konpromiso sozialagatik eta kulturaren hedapenean duen inplikazioarengatik

Athletic Club Fundazioak Panenka aldizkariaren “Antonin Especial” saria jaso du astelehen honetan, otsailaren 7an, Bartzelonan egin duten sari banaketan. Sari berezi hau ekimen zehatzetan inplikatu diren jokalari, entrenatzaile edo norbanako edo kolektibo bati ematen zaio, betiere, ekimenak alor hauetakoren bat sustatzeko helburua badu: elkartasuna, kulturaren hedapena, konpromiso soziala eta futbolaren balio positiboak. Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu Athletic Clubeko ordezkariek, Iker Goñi batzarkideak eta Galder Reguera Fundazioaren Proiektuko arduradunak jaso dute saria konde-hiriko Antiga Fàbrica Estrella Dammen eginiko ekitaldian. Halaber, Athletic Clubek bideo bat bidali dio Panenkari Iñigo Lekue, Unai Simon, Ainhoa Vicente Moraza, Iñaki Williams, Mikel Balenziaga, Erika Vazquez eta Jose Angel Iribarren esker onekin.

Panenkak Fundazioak azken hamarkadan egin dituen ekimenen garrantzia nabarmendu du eta Fundazioaren proiektuak eta “Letrak eta Futbola”eta “Thinking Football Film Festival” jaialdien garrantzia, “Bertsoderbia” eta irakurzaletasuna sustatzeko “irakurLE-ON” kanpaina azpimarratu ditu. Athletic Club Fundazioarentzat aitortza handia da saria hogeigarren urteurrenean jasotzea, eta urte hauetan zehar Fundazioarekin elkarlanean aritu diren pertsonei eta elkarteei eskerrak eman nahi dizkie.

Panenkak Antonin sarien oinarrietan jasotzen duen moduan, “Helburua ez da soilik futbolaren kultura saritzea, baizik eta, bereziki, kontrakultura ohoratzea: baliabide gutxirekin helburu handiak egiten dituztenak eta arrakastak itsututako garaiotako espirituak kikilarazten ez dituenak. Batzuetan ero talde bat izango dira, baina guri kirol honen garapenerako ezinbesteko jenioak dira. Eta, agian, estadioetako fokuak argiztatzen dituzten gizarte-eredu bakanetakoa”.