Athletic Clubek Walking Footballeko EFDN liga europarra jokatuko du lehenengo aldiz

Lehiaketa honetako nazioarteko lehen txapelketa maiatzaren 31n jokatuko da eta zuri-gorrien aurkariak Rangers, Eintracht Frankfurt eta NAC Breda izango dira

Athletic Club EFDNk (European Football for Development Network) antolatutako Walking Football ligan parte hartu duten 16 taldeetako bat da, eta bere lehen nazioarteko txapelketa maiatzaren 31n jokatuko da, astearte honetan, Bredan, Herbehereetan.

Lau multzotan banatuta, Rangers Charity Foundation, Eintracht Frankfurt eta NAC Breda izango dira Athleticen aurkariak. Beste hiru taldeak klub hauek osatzen dituzte: Bayer 04 Leverkusen, Ferencváros Budapest, Fundação Benfica, Real Betis Balompié, FC Schalke 04, Morton in the Community, Newcastle United Foundation, Ado den Haag, Club Brugge, Foundation 92, Valerenga eta PSV Eindhoven. Ondorioz, Europako klub garrantzitsuenetako batzuek parte hartzen duten lehen mailako txapelketa da.

Walking Football futbolaren antzeko kirola da, baina badu berezitasun bat: oinez jokatzen da, neurri txikiko jokalekuan, eta baloia ezin da buruarekin jo, eta horrek ezin du altuera jakin bat gainditu (metro bat inguru). Gainera, 50 urtetik gorakoek bakarrik egin dezakete modu ofizialean. Bredako txapelketan 6 jokalarik eta 4 ordezkarik osatuko dute taldea eta atezainik gabe jokatuko da, metro bateko altuera eta 3ko zabalera duten ateekin.

Hedatzen ari den proiektua

Athletic Club Fundazioan, Walking Football proiektua 2018/19 denboraldian sortu zen. Fundazioa aitzindaria da kirol-modalitate hori sustatzen, eta bere lehen helburua 50 urtetik gorako pertsonei kirola egiteko eta futbolean gozatzen jarraitzeko aukera eskaintzea da. Azken batean, beste era batera jokatzen da futbolean, oinez, ahal den neurrian lesio-arriskua saihesteko. Lehen helburu zehatz horrekin batera, badira Fundazioaren gainerako gizarte-proiektuetarako komunak diren beste helburu batzuk ere.

Fundazioak antolatzen dituen eta Athletic Clubeko teknikariek zuzentzen dituzten entrenamendu-saioek kirol-jardueratik haratago doazen zenbait onura ekartzen dituzte. Fundazioak espazio bat eraikitzen eta denbora partekatuz gozatzen laguntzen du, talde bateko kide izatearen zentzua indartuz, eta pertsonak Athletic Club bezalako identitate garrantzitsu eta baloratu baten parte senti daitezen lagunduz. 2021/22 denboraldian, Fundazioak astero Lezamako eta Fadurako instalazioetan entrenatzen duten Walking Football bi talde jarri ditu martxan, Getxoko Udalarekin (Getxo Kirolak) izandako lankidetzari esker.