BIKAINTASUNAREN BIDEAN

Athletic Club Fundazioak, Bikain Ziurtagiria eskuratzeko asmoari jarraituz, ebaluazio eskaera luzatu dio Eusko Jaurlaritzari

Athletic Club Fundazioak EUSKARARI bultzada berri bat eman nahi dio eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, EUSKALITekin batera, sustatzen duen “BIKAIN Kalitate Linguistikoaren Ziurtagiria” lortzea erabaki du.

Fundazioa, asmo honi jarraituz, 2019ko martxoan lehen urratsa eman eta Jaurlaritzak Gasteizen eginiko BIKAIN programaren ohizko bilera informatiboan egon zen. Emandako azalpenen ondorioz, aipatutako programan parte hartzea erabaki zuen. Bigarren urratsa apirila-iraila artean euskarak Fundazioan duen egoeraren aurre-diagnosia egitea izan zen. Eta orain hirugarren urratsa iritsi da, hots, jaurlaritzari ebaluazioa eskatzea, 2019ko azaroan egingo dena alegia.

Erabaki estrategiko honek Athletic Fundazioaren euskalduntze prozesua hobetu eta azkartuko du. Fundazioaren aldetik, prozesu honen arduraduna Igor Arenaza izango da, eta erronka honetan, gaian esperientzia handia duen Eusport enpresaren laguntza izango du, Koikili Lertxundi (Athletic Club erakundea ederki ezagutzen duen jokalari ohia) eta Oihane Eriz (Eusko Jaurlaritzako BIKAIN programaren kanpo ebaluatzailea) Eusporteko kideekin batera.