Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak bat egin du Fundazioarekin

 

Berrikuntzaren ekosistemak 282 enpresa hartzen ditu, eta Athletic Club Fundazioaren Bazkide Ongile gisa sinatzen du

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak bat egin du Fundazioarekin azkenaldi honetan, Bazkide Ongile gisa. Horrela, Parkea gure erakundearen parte bihurtzen da eta, gizarte hobe baten aldeko gure konpromisoa bere eginez, Fundazioak gizarte, kultura, prestakuntza, kirol eta ingurumen arloetan garatzen dituen proiektuekin bat egiten du. San Mamesen egindako akordioaren sinaduran honako hauek izan dira: Juan Carlos Ercoreca, Fundazioko presidentea; Aitor Elizegi, Athletic Clubeko batzorde kudeatzaile eta presidente ohia; Joseba Urbieta Pero-Sanz, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoko gerentea; Itziar Epalza Urkiaga, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia, eta Jose Angel Iribar mito zuri-gorria.

1985ean inauguratu zenetik, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea erreferentea da talentua erakartzeko duen gaitasunagatik; hain zuzen ere horrek bihurtu du berrikuntza gune garrantzitsuenetako bat nahiko berriak diren baina dagoeneko 4.0 industriaren eta ekonomiaren garapenerako funtsezkoak diren sektoreetan.

282 enpresa biltzen ditu; iaz, denek batera, 3.582 milioi euroko fakturazioa izan zuten, eta haien jarduerak 10.988 laguni ematen die enplegua. Hori Bizkaiko BPGaren % 7 da, eta Foru Ogasunak bildutako diruaren % 6,8. Enpresa horien artean, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat hartutako sektoreetan liderrak diren enpresak daude, hala nola aeronautika, automobilgintza, elektronika, energia, ingurumena, ingeniaritza, medikuntza eta biozientzia edo informazioaren teknologiak.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Euskadiko Parke Teknologikoen Sare barruan dago. Euskadiko politika industrialean berrikuntzari eta nazioartekotzeari rol protagonistak ematearen aldeko apustua pilatzen duen talentuaren eta ezagutzaren ekosistema da.