Fundazioa, etxez etxe

 
 

Athletic Club Fundazioak bere gizarte proiektuen jarduera berreskuratu du online saio programatuen bidez

Athletic Club Fundazioak hainbat gizarte proiektutan parte hartzen du, eta horien asteroko jarduera berreskuratu du, kolaboratzen duen elkarteetako arduradunekin prozedurak adostuta. Horrela, Genuine, Ahalegina, Utopia, Bakuva, Bizitegi, Goiztiri, Save the Children, Udaloste-Zabaloetxe, Bizgarri, Gizakia, Walking Football, Villagol eta Athletic Villa proiektuen erabiltzaileek beren asteroko saioei ekin diete berriz, Fundazioaren talde teknikoak online egiten dituen entrenamenduei esker. Erabiltzaile askok etxean egindako bideoak bidali dizkiete entrenatzaileei, egindako lana erakusteko. Jasotako materiala erabiliz, Fundazioak bideo laburpen bat sortu du beren inplikazioa eskertzeko eta ahal den neurrian, aktibo jarraitzera animatzeko. Gainera, erakunde kolaboratzaileek Fundazioari adierazi diotenez, proiektu bateratu hauetan parte hartzen ez zuten erabiltzaile batzuk ere hasi dira kirola egiten saio programatu hauen bidez.

Era berean, Athletic Club Fundazioak zaleen egoera zein den jakin nahi izan du, batez ere bazkide nagusienena. Fundazioaren kide diren enpresekin ere etengabeko harremana daukagu, eta egungo egoera aztertzen jarraitzen dugu, beharrizan handiena duten pertsonengana heldu ahal izateko.