Kirola gizarte-inklusiorako tresna gisa sustatzeko interes komunaren emaitza da akordioa
Fundazioak eta Club Deportivo Bilbao klubak lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri dute, Fundazioak bere proiektu sozialak Deportivo klubaren instalazioetan garatu ahal izateko. Hitzarmenaren lehen proiektu sozial onuraduna Sortarazi proiektua da, Bilbon gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden helduei zuzendutako ekimena. Hala, astegun goizetan, ordubetez, Deportivo klubaren frontoi nagusia kirol anitzeko entrenamendu-zelai bilakatzen da Sortarazi zerbitzuko erabiltzaileentzat.
Akordioa Ibaiganen sinatu da, eta bertan izan dira Athletic Club Fundazioaren presidentea Juan Carlos Ercoreca, zuzendari nagusia Jon Vázquez Eguskiza eta Fundazioaren enbaxadorea Andoni Gorikoetxea, eta Club Deportivo Bilbao klubaren aldetik, Iñaki López Negrete presidentea, Susana Pérez gerentea eta Óscar Marín presidenteordea. Gainera, lankidetza proiektu sozial berrietara zabaltzeko aukera aztertzea adostu dute bi erakundeek.
Sortarazi elkarte klaretarra da, eta Bizkaian baztertuta edo baztertuta izateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzearen alde lan egiten du, haien gaitasunen garapen integralaren bidez. Diziplina anitzeko lan horren barruan, kirolak zeregin garrantzitsua du gorputz-osasuna zein gogo-osasuna lortzeko. Fundazioko teknikariek zuzendutako asteroko entrenamenduek elkarrenganako laguntza giroan oinarritutako kirola sustatzen dute, esperientzia horren barruan txertatuz bazterketa-arriskuan dauden kolektiboen alde lan egiten duten elkarteen lan integralean laguntzen duten ohiturak eta balioak.