Jock Stein: “Futbola, zalerik gabe, ez da ezer”

“The three kings” filmak Stein, Shankly eta Busby gogoratzen ditu, futbolaren historia aldatu eta hobetu zuten hiru entrenatzaile eskoziarrak

Athletic Club Fundazioak antolatzen duen Thinking Football Film Festival jaialdiak bigarren egun hunkigarria bizi izan zuen atzo. Eguneko pelikula nagusiak, hau da, “The three kings”-ek, futbolaren historiako hiru entrenatzaile mitiko omentzen zituen: Matt Busby, Bill Shankly eta Jock Stein. Manchester United, Liverpool FC eta Celtic taldeetan egindako ibilbideek egundaino iraun duen arrasto bikaina utzi zuten.

Athletic Clubeko zaleek berehala konektatzen duten futbola ulertzeko modu bat. Izan ere, 2019an, adibidez, Athletic Clubek One Club Man Award saria eman zion Billy McNeilli, Jock Steinek (hiru erregeetako bat) entrenatutako Celtic Europako txapeldunaren kapitainari. Stein da, halaber, futbolaren historian esanahi handiena izan duen esaldietako baten egilea, eta pelikulak ere jasotzen du: «Futbola, zalerik gabe, ez da ezer».

 
9 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 17
10 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 10
11 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 05
12 _ELI6219
8 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 25
7 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 27
6 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 30
5 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 31
4 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 33
3 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 38
2 2022.09.20 THINKING FOOTBALL 39
Anterior
Siguiente
 

Toni Padillak, futbolaren historia ederki ezagutzen duenak, bikain moderatu zuen filmaren ondorengo solasaldia. Bereziki hunkigarria izan ziren Gordon Strahanen lehen hitzak solasaldian. Mito eskoziarra zeharo hunkituta zegoen Jock Steinen heriotzaren sekuentziarekin. Orduko entrenatzaile eskoziarra bihotzekoak jota hil zen partida baten amaieran eta Gordon Strahan taldeko kidea zen. Irudi horiek ikusten zituen lehen aldia zen, 37 urte geroago, Thinking Football Film Festival jaialdian.

Jonny Owen zuzendariak eta Leo Moynihan idazleak esan zuten Eskozian 30 milia baino gutxiagora jaio ziren eta lagun onak izan ziren hiru entrenatzaileri egindako omenaldi gisa egin zutela filma.

Gaurko programan, “Arsène Wenger: Invincible” eta «Nadia»

Jaialdia erdialdera iritsiko da gaur saio bikoitz berri batekin.

Lehenengo saioan (18:00), Gabriel Clarke eta Christian Jeanpierre zuzendariek zuzenduriko film anglo-frantsesa proiektatuko da,“Arsène Venger: Invincible” . Arsenal irauli eta Londresko klub mitikoaren ardura 22 urtez hartu zuen gizonaren istorioa, berak kontatua.

Eguna arratsaldeko 20:00etan itxiko da Anissa Bonnefontek zuzenduriko «Nadia» film frantziarrarekin. Dokumentalak Nadia Nadimen istorio hunkigarria kontatzen du. Nadim Afganistango gerrako neskato errefuxiatua izatetik egungo emakumezkoen futboleko izar handienetako bat izatera igaro zen.

Zineforumean parte hartuko dute Myriam Weil ekoizleak eta Edith Chapin gidoilariak.

Bihar, “LFG” eta “Destino Confidencial: Campeonas”

Biharko saio bikoitza izango dugu, emakumeari eta emakumezkoen futbolari eskainia.

AEBetako Futbol Federazioak aurtengo maiatzean jokalarien aldarrikapenak onartu eta gero, “LFG” filma berreskuratuko du jaialdiak lehen saiorako.

ESPNren eskutik, Martin eta Daniel Ainsteinek zuzendutako “Destino confidencial: campeonas” dokumentala iritsiko zaigu. 1971ko munduko futbol txapelketa jokatu zuen eta txapeldunorde izendatu zen emakume-talde mexikarraren historia. Garai guztietako emakume jokalari onena kontsideratzen den, eta talde historiko hartako golegiletzat jotzen den Alice “Pelé” Vargas filmaren osteko solasaldian izango da.

Informazio guztia eta sarreren erreserba HEMEN