San Mames osasuntsu dago

Athletic Club Fundazioak eta Anesvad Fundazioak bat egin dute aurten ere osasun unibertsala aldarrikatzeko eta testuinguru pobretuetan ahaztutako osasunaren inguruan kontzientziatzeko

San Mames estadioa urdinez argiztatu da apirilaren 7ko gauean, osasun unibertsala aldarrikatzeko eta testuinguru pobretuetan ahaztutako osasunaren inguruan kontzientziatzeko. Data Osasunaren Mundu Egunarekin bat dator, 1948an Osasunaren Mundu Erakundea (OME) jaio zen eguna. Ospakizun honen helburuetako bat osasun-sistema unibertsala, publikoa eta doakoa zaintzea da, bai eta sistema horien iraunkortasuna bermatzea ere. Anesvad Fundazioak eta Fundazioak partekatzen dute helburu hori, eta aurten ere bat egin dute pertsona guztien osasunaren eta ongizatearen alde.

Osasunerako eskubidearen aldeko elkarlaneko plataforma

Osasunaren Mundu Egunaren efemeridea aprobetxatuz, estatu mailako hainbat erakundek bat egin dute www.sanidadporbandera.org bultzatzeko, Osasunerako Eskubidearen defentsarekin lotutako ezagutza eta ekimenak biltzen dituenak.

Horien artean Recover Fundazioa, Aigua per al Sahel, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa (COEGI), Clavel Fundazioa eta Anesvad Fundazioa bera daude. Webgune kolaboratibo honen helburua Osasunerako Eskubidearen alde lan egiten duten erakundeen mezuak, proiektuak eta kanpainak zabaltzea da. Ezagutza elkartrukatzeko gune bat da: txostenak, material pedagogikoak, artikuluak, hori guztia osasunarekin eta ongizatearekin lotutako gaietan sakontzeko giza eskubideen eta garapen iraunkorraren ikuspegitik.

Azken helburua erkidego ireki eta kolaboratibo bat sortzea da, Espainiako osasungintzarekin lotutako ekimen guztiak ikusarazteko, osasun-sistemetarako iriste unibertsala pribilegio izan ez dadin, eskubide bat baizik.