“Teknikari dagokionez, jarrera da diferentzia markatzen duena”

 

Pariseko Red Star FC futbol-taldeko presidenteak, Patrice Haddad-ek, Athletic Cluben futbol-kultura goraipatu du Thinking, Letrak eta Futbola ekimenaren baitan Fundazioari eskainitako elkarrizketa esklusiboan

Athletic Club Fundazioak Patrice Haddad, Pariseko Red Star talde historikoko presidentea, elkarrizketatzeko aukera izan zuen Thinking, Letrak eta Futbola jaialdiaren azken edizioan izandako partaidetzaren baitan. Jaialdiak emanaldi berezia antolatu zuen eta, bertan, Christian Paureihe-k eta Mónica Regàs-ek zuzendutako “Nous sommes le Red Star” dokumentala eskaini zuten Frantziako talde mitikoan oinarrituta. Taldea Athletic Cluben arerio historikoa eta berezia da.

Elkarrizketan, Patrice Haddadek Red Star taldearen idiosinkrasia miresgarriaz hitz egin digu. Era berean, Pariseko presidenteak Athletic Cluben futbol-kultura goraipatu du: “Talde bateko kide sentitzea ezinbestekoa dela erakusten duzue. Teknikari dagokionez, jarrera da diferentzia markatzen duena. Animoa, kide izatea, kemena. Taldearen, zaletuen eta futbol-jokalarien artean partekatzen duzuen kemena duzue. Sinestezina da”.

Red Star Athletic Clubek maitea duen oso talde berezia da. Pariseko taldeak bost aldiz jokatu zuen zuri-gorrien aurka 1919 eta 1932 urteen artean. Partida haietako bat Pariseko Racingekin batera osatutako konbinatu bateko kide gisa jokatu zuten gainera. Lehoiak, bestalde, Frantziako hiriburuan izan ziren bi aldiz Red Star taldearen aurka jokatzeko (partida haietako bat, beste behin, Pariseko Racingekin batera osatutako konbinatu baten aurka jokatu zuen). Bitxikeria gisa, gainera, honako hau aipa dezakegu: Red Starren eta Athletic Cluben arteko partida bat izan zen, hain zuzen ere, 1932ko urriaren 9an Printzeen Parke ospetsua futbol-zelai gisa berriro inauguratu zuena. Zuri-gorriek 4-2 galdu zuten, baina San Mamesen jokatutako itzulerako partidan beren ordaina eman zien frantziarrei 6-2 irabazita.

Horrez gain, nabarmendu beharrekoa da Athletic Clubek parte hartu zuela Red Starren sorrera omentzeko ekitaldietan. Hala, AS Saint-Etienne eta Boliko Kostako ASEC Mimosas taldeekin batera hiruko txapelketa jokatu zuen..