EMAÚS, Fundazioaren gizarte-proiektu berria

Athletic Club Fundazioak lankidetzan dihardu Emaús Gizarte Fundazioa Taldeak Gamiz eta Derio herrietan dituen egoitzekin, astean bi entrenamendu eginez

Athletic Club Fundazioak EMAÚS izeneko proiektua sartu du 2021/2022 denboraldian garatzen ari den gizarte-ekintzan. Zehazki, proiektu berria Emaús Gizarte Fundazioa Taldearekin –Euskadiko Hirugarren Sektoreko erakunde ezagunenetako batekin– egindako lankidetzatik sortu da; erakundea, bestalde, Emmaüs International mugimenduaren parte da. Fundazioko teknikariak Gamiz eta Derio herrietara joaten dira, astero, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko prozesuan lagunduko duten bi saio zuzentzeko.

Zehazki, Emaúsek egoitza-zentro bat du Gamizen eta eguneko zentro bat Derion, eta bertan gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonei laguntzeko programa integrala garatzen da. Kirol anitzeko entrenamenduak, Fundazioko teknikariek zuzentzen dituztenak, Emaúsek sustatutako ekimen eraldatzaileen parte dira. Derioko eguneko zentroko jarduera integratzaileen artean, Emaúsen erabiltzaileak haiei ahotsa emanez ahalduntzen dituen irrati-programa ere badago. Hain zuzen ere, Fundazioko enbaxadore Andoni Goikoetxeak laster parte hartuko du Emaúsen irratiko podcastetako batean.