Kirolaren bidez 150 neskato baino gehiagok bizi kalitatea hobetzen dute Villa El Salvadorren Athletic Fundazioa eta Aldundiarekin
150 neskato baino gehiagok kirol-jardueraren bidez euren bizi-kalitatea hobetzen dute Villa El Salvadorren (Limako barrutia, Peru), Bizkaiko Foru Aldundiak eta Athletic Club Fundazioak finantzatzen duten AsociaciĆ³n Deporte y Desarrollo Elkartearen VillaGol&AthleticVilla proiektuari esker.
Hain zuzen ere, Aldundiko ordezkaritza bat, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua buru zela, bere Foru Sailak finantzatutako Bizkaia Kooperako hainbat proiektu bertatik bertara bisitatzeko bidaian bertan egon da. Laespadak topaketa izan du hogei bat jokalarirekin eta Juan Abantorekin, Villa El Salvadorreko Kirol eta Garapeneko presidentearekin.
Elkarte hau kirol arloan eta kirolaren bidez haurren eskubideen sustapenean hamabost urte baino gehiago daramatzan erkidego-erakundea da.
Gaur egun emakumezkoen futboleko Athletic Villa taldea du, neskek kirolean parte har dezaten sustatzeko. Hasieran ez zegoen kirola egiten zuen neskarik eta gaur egun 150 neska eta emakume aktibo inguru daude elkartearen egituran. Beste alde batetik, Athletic Villa taldeak adimen-urritasuna duten pertsonez osatutako Genuine talde bat du.
Oro har, VillaGolek futboleko eta areto-futboleko hainbat talde ditu. Gainera, eskola-laguntza bidezko bekak ditu neska jokalarientzat eta, aldi berean, bekak ematen dizkie neska jokalariei entrenatzaile bihur daitezen.
Era berean, futbola lantzen du gatazken prebentziorako eta tokiko sustatzaileekin elkarlanean Villa El Salvadorreko sektore guztietan areto-futboleko zelaiak martxan jartzeko eta mantentzeko jarduten du.