Fundazioak lehiaketa berria estreinatu du

 

Ekimenak NBEko Garapen Iraunkorrerako Helburuen inguruko erronka xume batzuk planteatu ditu, eta parte-hartzaileen konpromiso soziala saritu nahi du

Athletic Club Fundazioak Ingurumenaren Munduko Eguna gogoan hartu du eta lehiaketa berri bat jarri du martxan webgunean. Hilero erronka bat planteatuko da iraunkortasun, kultura, gizarte ongizate edota genero berdintasunaren inguruan. Ekimen horren bidez, parte-hartzaileek gure ingurumena zaindu eta hobetzeko lanean betetzen duten ekarpen garrantzitsua ikusaraziko dute. Edonork parte har dezake lehiaketan, eta parte-hartzaileen konpromisoa saritzeko, Athletic Clubek kamiseta ofizial bat entregatuko dio irabazleari. Gainera, Fundazioaren aldeko pertsonek (Fundaziozaleek) sorpresa berezi bat izango dute.

Erronkak Garapen Iraunkorrerako Helburuen gai zehatz batekin lotura izango dute. Tokiko merkataritza eta merkataritza arduratsuaren garrantzia da lehiaketaren estreinaldirako hautatutako gaia. Fundazioaren webgunean egokitutako formularioaren bidez, parte-hartzaileek tokiko dendaren batean erosketa bat egiten zuten bitartean egindako argazki bat igo beharko dute, eta horren inguruko istorio labur bat idatzi. Gainera, lehiaketaren orrian proposatutako gaiaren inguruko datu interesgarriak irakurri ahal izango dira, baita horretarako hautatutako web orri batera sartu ere.

Ingurumenaren Munduko Eguna

Fundazioaren helburu estrategikoetako bat ingurumenaren aldeko lana da, eta Athletic Club erakundea % 100 iraunkorra izatea. Fundazioak Lurgaia fundazioarekin batera ekingo dio erronkari. Elkarte horren ekimenak biodibertsitatea eta natura-guneen kudeaketan zentratzen dira. Urtero, Lurgaiarekin batera, Fundazioak taldeek partidetarako egin beharreko lekualdatzeetan igorritako karbono-emisioak konpentsatzen ditu, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban zuhaitzak landatuz.