Garbiketa-produktuen inguruko erronkari lehenbailehen aurre egin behar diogula uste dugu. Garbiketa-produktu industrialak eraginkorrak dira, bai, baina horietako asko oso kutsatzaileak ere badira. Ingurumenean duten eraginaren eta erabilgarritasunaren arteko oreka aurkitu behar dugu. Garbiketa-produktu askoren hondakinak toxikoak dira, eta, uretan, airean eta lurrean bukatzen dute. Denok eskura daukagun alternatiba bat etxeko produktu ekologikoak erabiltzea da. Azken finean, etxean beti izaten ditugun produktuak dira, hala nola limoia, ozpina, bikarbonatoa, alkohola, aloea… ondo konbinatuta, berdin-berdin erabil ditzakegu desinfektatu eta garbitzeko. Horren adibide argi bat pandemiaren aurka hain lagungarria den etxeko gel hidroalkoholikoa izan daiteke. Interneten hainbat tutorial aurkituko dituzue etxean modu erraz eta seguruan egiteko.